Gizartea -
Eguraldia
Aste berriak eguraldi aldaketa ekarriko du
Astelehen arratsalderako zaparradak espero dira, eta asteartean tenperaturek behera egingo dute.
Erredakzioa
Asteburuko egun eguzkitsuen ostean, aste berriarekin aldaketak helduko dira. Astelehenean, ezegonkortasuna handituz joango da egunak aurrera egin ahala, eta arratsalderako zaparradak botatzeko arriskua handiagoa izango da lurralde osoan.
Haizea norabide finkorik gabe ibiliko da; goizean, hegoaldetik etorriko da, eta arratsaldean, aldiz, iparra sartuko da.
Termometroetan, aurreko eguneko balio antzekoak agertuko dira. Bilbon eta Donostian, 16-26 graduren bueltan ibiliko dira; Gasteizen, baxuenak baxuago eta altuenak altuago izango dira, 10-28 graduren artean izango baitira Arabako hiriburuan. Iruñan, aldiz, 16-31ºC-ko tenperaturaz gozatu ahal izango da.
Asteartea freskoago esnatuko da, eta eguzki ordu gutxiago izango ditugu. Hodeitza ugaritu egingo da ipar partean, ipar-ekialdeko haizearen eraginez. Arratsaldetik aurrera, trumoi-hodeiak garatuko dira, lehertzeko arrisku handiarekin.
Tenperaturek behera egingo duten arren, balio epelak izango dira nagusi euskal hiriburuetan. Bilbon, 15-22 gradu arteko tenperaturak izango dira; Donostian, 14-20 artean; Gasteizen, 11-23 artean eta, Iruñan, aldiz, 14-25 gradu artean.