Gizartea -
Animalia exotikoak
Fakturatutako bi maletatan animaliak atzeman dituzte Kanaria Handian
Bagajearen barruan, 5 suge, 2 igel exotiko, 2 musker, barraskilo batzuk, 200 labezomorro, 3.500 kilker, 1.000 har eta 100 matxinsalto atzeman dituzte.
Erredakzioa
Guardia Zibilak animalia exotiko batzuk, sugeak eta muskerrak tartean, atzeman ditu Kanaria Handiko aireportuan, Madrilen fakturatu zituzten bi maletatan, Guardia Zibilak berak jakitera eman duenez.
Maleten jabea identifikatu eta gero, Kanaria Handiko aireportuko Zerbitzu Fiskalak bagajea zabaldu, eta hauek aurkitu ditu barruan, bizirik: Indiako bi pitoi, boa hertsatzaile bat eta 3 errege-pitoi; 2 igel exotiko, 2 musker (Eublepharis macularius espeziekoak); barraskilo batzuk; 200 labezomorro (Blaptica duvia); 3.500 kilker (Acheta domesticus); 1.000 bat har eta 100 matxinsalto.
Horiek guztiak Guardia Zibileko Seprona Natura Babesteko Zerbitzuaren esku utzi dituzte, kilkerrak, harrak eta matxinsaltoak izan ezik, horiek jabeari utzi baitizkiote, berak zaindu ditzan.
Atzemate horren akta egin ondoren, animaliak Los Corralillos de Agüimes udalerriko Krokodriloen Parkean utzi dituzte, Aduana eta Zerga Berezien Zerbitzuaren esku.
Halaber, SOIVRE Esportazioak Ikuskatzeko, Zaintzeko eta Erregulatzeko Zerbitzu Ofizialari (Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren mendekoa) galdera egin diote, animalia horiek CITES Arriskuan dauden Espezieen Nazioarteko Salmentaren Kontrolerako Konbentzioan jasota dauden egiaztatu eta horri dagokion salaketa administratiboa abiatzeko.