Gizartea -

Polemika

Piszinetan musulmanentzako gune bereziak jartzea errefusatu du Marotok

"Udal igerilekuak guztientzako berdinak dira, eta bainujantzia erabili beharra dago", nabarmendu du.

Javier Maroto Gasteizko alkatea. Artxiboko irudia. EiTB
Javier Maroto
Javier Maroto Gasteizko alkatea. Artxiboko irudia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Maroto Gasteizko alkateak astelehen honetan errepikatu duenez, udal-igerilekuetan bainatzeko bainujantzia erabili behar da, eta arroparekin bainatzeko emakume musulmanentzako gune bereziak jartzeko aukera errefusatu du.

Udalean egindako prentsaurreko batean, alkateak esan du ez duela idatziz eskaera bat bera ere jaso musulmanak diren emakumeentzako neurriren bat hartzeko esanez, horiek umeekin uretara jantzita sartu daitezen.

Gamarrako igerilekuetan, ama musulman bat semeak babesteko uretara jantzita sartu ostean sortutako polemikari buruz kazetariek galdeginda, Marotok esan du "araudia guztientzako bera" dela, eta bainujantzia erabiltzea exijitu du.

Halaber, plataforma batek ahoz Udalak emakume musulmanentzako ordutegi bereziak jartzeko eskatu diola adierazi du. Monitoreak jartzeko aukera ere eman diotela azaldu du, uretara sartu ezin duten emakumeen haurrentzako.

Marotok eskaera horiek errefusatu egin ditu, eta igerilekuetan bainatzeko nudistentzat ere ordutegi berezirik ez dela jartzen esan du.

Marotoren hitzetan, ez dute diru publikoarekin monitorerik hartuko arroparekin uretara sartu nahi duten emakume musulmanen haurrentzako, eta ez dira igerileku espezifikoak jarriko kolektibo horrentzat, gaineratu du.

"Udal igerilekuak guztientzako berdinak dira, eta bainujantzia erabili beharra dago", nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea