Gizartea -
Iragarpena
Igerilari liskarzaleak piszinetatik botako dituela esan du Basaurik
Udalak argi utzi du, ordena edo araudia betetzen ez den kasuetan, igerilariei espedientea egingo diela.
Erredakzioa
Basauriko Udalak astearte honetan iragarri duenez, "berehala" Artunduagako udal igerilekuetara sartzea debekatuko die "ordena publikoa hondatzen" duten erabiltzaileei edota "instalazioetako araudia askotan betetzen ez dutenei".
Ohar batean horren berri eman du Udalak, erabiltzaile liskarzale batzuek iazko udan ordena publikoan arazoak eragin ostean, kiroldegi horretako igerileku irekietan.
Udalak argi utzi du, ordena edo araudia betetzen ez den kasuetan, igerilariei espedientea egingo diela, kiroldegitik botako dituztela, eta, "kautelazko" neurri moduan, debekatu egingo zaiela igerilekuetara sartzea, espedientea ebatzi arte; hiru hilabetera arte luza daiteke hori.
Instalazioen "funtzionamendu ona" bermatzeko, Udalak erabiltzaileei esan die edozein arau-hausteren berri igerilekuetako mantentze-arduradunei, sorolesleei edota Udaltzaingoari emateko.