Gizartea -

Kronika

Heriotzaren korridorean

Florida estatuko espetxearen sarrerak kontzentrazio-esparru batena dirudi. Sarrerako errotulua, burdinazko arkua, injekzioaren ganberaren ondoan dauden barrakoiak...

Mikel Reparaz | ETB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Starke herria 301 errepidearen bazterrean sortu zen eraikin multzoa da. Alabamako bidean, Florida estatua Georgiaren hegoaldea ukituz zeharkatzen duen 10 autobidetik gertu dago, Ameriketako Estatu Batuetako Bibliaren Gerrikoa esaten dioten eskualdearen ekialdean. Era guztietako eliza kristauak eta hanburgesa frankiziak ikus daitezke bide bazterrean. 33 gradu zentigrado, % 80ko hezetasuna. Ez dago inor kalean.

Errepide motel baten izena eman digute. Herriko ostatu garbiena alegiaz ere. Erraza da aurkitzen, esan digute. Arma saltoki baten aurrean dago, ehorztetxe baten alboan. Adin ezberdinetako haur talde bat motel aurreko igerileku txikian dabil plisti-plasta. Jacksonville hirirantz abiada bizian doazen kamioien zaratak itotzen ditu haurren oihuak.

Dodge alokatua 111 gelaren ate aurrean aparkatu dugu. 112a poliziaren zintaz itxita dago, atea mailatuta, sarraila lehertuta. "Ez dakit zer gertatu den gela horretan", desenkusatu zaigu harreragilea. Baina nahikoa izan da Googlen bilaketa azkar bat egitea asmatzeko ustezko pederasta bat honaino jazarri zuela Poliziak duela bi aste, eta iheslariak gela horretan bere buruaz beste egin zuela tiroz. Ez dugu gehiago jakin nahi.

"Motel honetan Europatik eta beste hainbat lekutatik etorritako emakume askok pasatzen dute gaua. Walking dead horiek bisitatzera etortzen dira heriotzaren korridorera", esan digu harrerako neskak. "Dirudienez gutun bidez ezagutzen dute elkar, eta emakumeak haiekin maitemintzen dira; ulergaitza egiten zait". Starkeko bizilagun askok espetxean egiten dute lan. Herritik 9 miliara alanbre-hesiz inguratuta dagoen zelaia ez zaie arrotza egiten.

Florida estatuko espetxearen sarrerak kontzentrazio-esparru batena dirudi. Sarrerako errotulua, burdinazko arkua, injekzioaren ganberaren ondoan dauden barrakoiak... Beste garai eta leku batean gaudela ematen du. Aurrerago dago heriotzaren korridorea. Bertan 412 preso daude injekzioaren zain, tartean Pablo Ibar, munduan heriotza-zigorra jaso duen euskal jatorriko preso bakarra.

"Bizia" eta "heriotza"

Elkarrizketa ordu baterako lotu genuen. Eguerdirako espetxe atarian gaude. Barrura sartzeko baldintzak zorrotzak dira: arropa egokia, tresneria zerrenda, dirurik eta sakelako telefonorik ez. Ireki da lehenbiziko ate elektrifikatua. Gurekin batera, postariak zeharkatu du ate hori. Zakuz betetako gurditxo bat darama. "Karta hauek ez doaz heriotzaren korridorera", argitu digu. Postaria "bizien" modulura doa, preso arrunten eraikinera. Lehenbiziko kontrola pasatu ondoren, zaintzaileek bi bide erakusten dizkigute: "Eskuinerantz, bizia; ezkerrerantz, heriotza". Horrela deitzen diete euren artean aurrean ditugun bi moduluei. Guk ezkerrerantz egin dugu.

Cárcel / Kartzela EiTB

Floridako eguzkipean baina hesiaren barruko aldean, bi metroko zaintzaile baten atzetik egin dugu korridoreko bidea. Pablo Ibar ezagutzen duen galdetu diogu. "Bai, jokabide egokia duen presoa da", erantzun digu betaurreko beltzen atzetik.

"Funtzionarioen artean ospe ona duela esan liteke". Eta nolakoa da kartzelarien eta presoen arteko harremana? Zaila da hainbat urtetan haiekin harremana izatea eta egun batetik bestera hiltegira arrastaka eraman behar izatea? Galderak ez du aztoratu bi metroko zaintzailea, eta lasai erantzun du: "Gizakiak gara eta gogorra da gizon horiek heriotzaren aurrean ikustea, baina hemen arrazoi bategatik daude, eta hori ezin dugu ahaztu". Itzalpean gaude jada, korridorea dagoen eraikin barruan. Altzairuzko zazpi ate mekaniko itxi dira gure bizkarrean. Giltza, sarraila eta burdinaren hotsak eta argi fluoreszente dardaratiek beste mundu batera ekarri gaituzte. Heriotzaren zain daudenen mundu itogarrira.

Pena de muerte / Heriotza zigorra  preso cadena Ibar EiTB

Korridorearen hasieran bi guardia daude mahai txiki baten inguruan. Eskuaz agurtu gaituzte. Aurrerago dozena bat kaiola ikusi ditugu, bi metro koadrokoak, gizaki bat zutik sartzeko modukoak. Hutsik daude. Minutu gutxi barru horietako batera ekarriko dute Pablo Ibar. Baina gu Coca-Cola makina baten aurrean dagoen gelatxora sartu gaituzte. Hemen izango da elkarrizketa. Ordu erdi dugu materiala prestatzeko.

Ordu erdi baino lehen itzuli da bi metroko guardia. "Prest?", galdetu digu. Erantzun baino lehen, Pablo Ibarren urratsak entzun ditugu hurbiltzen. Metalezkoak. Oin-bilurrak eta kateak aditzen dira pauso bakoitzean. Oraindik ez dugu ikusten. Kateen hotsa gero eta gertuago entzuten dugu. Azkenean, isiltasuna. Gure aurrean dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea