Gizartea -
Gertakaria
Guardia Zibilak 5 kilo 'speed' atzeman ditu Barakaldon
Ustezko droga-trafikatzailea eta kargamentua jaso behar zuten bi lagunak atxilotu ditu.
Erredakzioa
Guardia Zibilak bost kilo 'speed' atzeman ditu Barakaldon (Bizkaia), eta ustezko trafikatzailea eta droga jaso behar zuten bi lagunak atxilotu ditu.
Polizia-operazioa ekainaren 13an izan zen, Barakaldon, Gurutzeta auzoan. Agenteek ustez droga-trafikoarekin lotura izateagatik ezagutzen zuten gizonezko bat ikusi zuten. Gizona norbaiten zain zegoela iruditu zitzaien, eta haren etxea zaintzea erabaki zuten.
Handik ordu batzuetara, bi gizonezko iritsi omen ziren ustezko trafikatzailearen etxera. Bi gizon horiek poltsa bat jaso zuten ustezko trafikatzailearen eskuetatik. Hori ikusita, guardia zibilek identifikatu egin zituzten eta poltsan bost kilo 'speed' zituztela egiaztatu zuten.
Horren aurrean, Santanderreko 31 eta 35 urteko bi gizonezkoak, droga jasotzera joan zirenak, eta Gurutzetako 35 urteko ustezko trafikatzailea atxilotu zituzten.