Gizartea -

Noos auzia

Castro epaileak auzipetu egingo du Cristina infanta

Dirua zuritzea eta Iñaki Urdangarin senarraren delitu fiskaletan kolaboratzea egotzita auzipetuko du instrukzio epaileak.

Cristina infantak inputatu gisa deklaratu zuen Palmako epaitegietan, otsailean. EFE
Cristina infantak inputatu gisa deklaratu zuen Palmako epaitegietan, otsailean. EFE
Castro epaileak asteazkenean bukatuko du Noos kasuaren instrukzioa

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castrok, Noos auziko instrukzio epaileak, akusatuen eserlekuan eseraraziko du Cristina Borboikoa, Felipe VI.a erregearen arreba eta Palmako dukesa, eta aste honetan bertan iragarriko du bere erabakia, El Mundo egunkariak aurreratu duenez.

Kazeta horren arabera, dirua zuritzea eta Iñaki Urdangarin senarrak egindako delitu fiskaletan kolaboratzea egotzita auzipetuko du epaileak. Guztira, 11 urteko espetxe zigorra elkar liezaiokete delitu horiek.

Castrok Cristina Borboikoa errudun joko balu, Fiskaltzak helegitea jarriko luke, infantaren inputazioarekin egin zuen bezala. Nolanahi ere, baliteke auzipetze autoa atzeratzea, Urdangarinek berriz deklaratzea eskatuko duela uste baita, emaztea errugabetzeko.

Hain zuzen ere, Aizoon enpresaren (Palmako duke-dukesak dira jabeak, % 50ean) funtsak desbideratzea eta Urdangarinek 2007. eta 2008. urteetan ustez egindako iruzur fiskaletan (337.000 euroko iruzurra egin ei zuen) kolaboratzea egozten dio epaileak infantari.

El Mundo egunkariaren arabera, Urdangarinek diru hori itzultzea eskaini dio Fiskaltzari, karguak kentzearen truke, baina Ministerio Publikoak errefusatu egin du.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak dagoeneko aurreratu du errespetatu egingo duela Justiziaren erabakia, edozein dela ere.

"Sentitzen dut berorren gorentasuna, baina ez zaitut aintzat hartuko"

Bestalde, Errege Etxeak Cristina infantari ekitaldi ofizialetatik kanpo uzteko esan zizkion hitzak ere ezagutu dira gaur. Esaldi honekin zuzendu omen zitzaion Zarzuelako ordezkari bat Juan Carlos I.aren alabari: "Sentitzen dut berorren gorentasuna, baina ez zaitut aintzat hartuko".

Europa Press agentziaren esanetan, infantak ulertu zuen Errege Etxearen erabakia, baina ez Urdangarinek. Are gehiago, Palmako dukeak Zarzuelara deitu, eta ekitaldi ofizialetatik at uztea aldez aurretik zigortzea dela kritikatu zuen.

Felipe VI.aren proklamazio ekitaldira ez zuten Cristina gonbidatu; bai, ordea, Elena infanta eta Sofia erregina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta