Gizartea -
Atxiloketa
Gizon bat atxilotu dute Muxikan, ustez adingabe bati eraso egiteagatik
Adingabe batek salatu duenez, Amorebieta-Etxanotik Bilbora trenean zihoala, gizon bat hurbildu eta ukitzen hasi zitzaion.
Erredakzioa
Gernika-Lumoko ertzain-etxeko agenteek 44 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, asteazkena, azken orduan, aurreko egunean adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita.
Herenegun 23:00ak inguruan, adingabe bat Ertzaintzaren egoitzara joan zen apur bat lehenago, Amorebieta-Etxanotik Bilbora zihoala, sexu-erasoa jaso zuela salatzera.
Adingabearen esanetan, gizon bat hurbildu zitzaion, eta bagoian bakarrik gelditu zirela aprobetxatuz, heldu egin zion eta ukituak egiten hasi zitzaion. Antza denez, gazteak askatzea lortu zuen, hurrengo geltokian jaitsi zen, alde egin zuen korrika, eta senideei laguntza eskatu zien telefonoz.
Horren berri jaso bezain pronto, Ertzaintzak ikerketa hasi zuen erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko asmoz, eta, ikerketaren ondorioz, gertakarien ustezko egilea atxilotu zuten atzo arratsaldean Muxikan. Atxilotua (44 urte ditu) ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egitera, ondoren epailearen aurrera eramateko.