Gizartea -
Erasoa
Osaba hiltzen saiatzeagatik atxilotu dute Aretxabaletan
Etxean eraso zion igandean, metalezko barra batekin. Biktima Gasteizko Santiago Ospitaleko Zainketa Intentsiboetan dago.
Erredakzioa
Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu du gauerdian Aretxabaletan, osaba hiltzen saiatzea leporatuta. Ustez, gazteak metalezko barra batekin jo zuen osaba, eta zauri larriak eragin zizkion.
Biktima Gasteizko Santiago Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago.
Erasoa igandean izan zen, 05:00etan, biktimaren etxebizitzan. Ustezko erasotzailea beheko pisuan bizi da eta osabaren etxeko balkoira igo zen, kristal bat apurtu zuen, eta, barrura sartu ostean, osaba buruan jo zuen metalezko barra batekin. Erasotzaileak alde egin zuen eta biktimak berak deitu zuen SOS Deiak zerbitzura.
Biktima Santiago Ospitalera eraman zuten. Ertzaintzaren patruila batek, bitartean, bi etxebizitzak miatu zituen, biktimarena eta ustezko erasotzailearena, eta metalezko barra bat aurkitu zuten; odol orbanak zituen.
Bilaketa eta atxiloketa
Ertzaintzaren agenteek susmagarria bilatzen hasi ziren, eta haren 4x4 ibilgailua iraulita aurkitu zuten, 11:00ak aldera, Urkulu urtegiaren inguruan.
Ustezko erasotzailea gauerdian aurkitu dute Aretxabaletako Larrino auzoko elizaren atarian.
Atxilotuak aurrekariak ditu, lapurretan egiteagatik, eta ertzain-etxean izango dute epailearen aurrera eraman arte.