Gizartea -

Barakaldo

Gizonezko bat atxilotuta, Lanbideren laguntzak binaka kobratzeagatik

25 urteko akusatuak bi nortasun desberdin erabiltzen zituen eta laguntza sozialetan 40.000 eurotik gora jaso zituen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Barakaldon, Lanbidek eskaintzen dituen diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) binaka kobratzeagatik. Guztira, 40.000 eurotik gora jaso ditu prestazio sozialetan.

Urtebete baino gehiagoz jaso ditu laguntzak akusatuak, Bilbon eta Barakaldon erroldatuta, bi nortasun ezberdin erabiltzen baitzituen, Segurtasun sailak jakinarazi duenez.

Bizkaiko hiriburuan, benetako nortasunarekin erroldatuta zegoen, baina Barakaldon, 37 urteko gizonezko bat zela ageri zen.

Modu horretara, 2010etik gaur arte, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) binaka kobratu ditu 25 urteko gazteak.

Atxiloketa goizeko hamarrak aldera izan da Barakaldoko Burtzeña auzoko Lanbideren bulegoan. Bertako langileek akusatuak bi nortasun agiri zituela atzematean, Ertzaintzari deitu diote.

Bulegora iristean, ertzainek iruzur jarraituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik atxilotu dute gaztea.

Euskal Enplegu Zerbitzuak Barakaldoko Udaltzaingoaren txosten bat jaso zuen akusatua bi lekutan erroldatuta zegoela jakinaraziz; horri esker, iruzurra aurkitu ahal izan dute.

Guztira, 40.000 eurotik gorako iruzurra egin du gazteak, Lanbideren lehen kalkuluen arabera.

Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du kasuaren ondorioak zehazteko, eta Lanbidek eta Barakaldoko Udaltzaingoak aurkeztutako dokumentazioa aztertzeaz gain, Auzitegira igorriko dituen frogaketak egiten ari da. Bitartean, akusatua Poliziaren eskuetan gelditu da.

2011. urtean bi aldiz atxilotu zuten akusatua, eskala txikian drogekin trafikatzeagatik.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Barakaldo berriak Lanbide albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Laguntza publikoak