Gizartea -

Protokolo berria

Ume bat desagertuz gero, hedabideetan eta metroan jakinaraziko dute

Alertak sare sozialetan ere zabalduko dituzte, desagertutako adingabeak lehenengo orduetan topatzeko, horiek baitira erabakigarrienak.

Adingabeak desagertzen direnerako protokolo berria aurkeztu dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barne Ministerioak 'Erne! Adingabe bat desagertu da' protokoloa aurkeztu du gaur, osteguna, ume bat bahitu eta hurrengo orduetan topatzeko asmoz. Hori dela eta, haurra topatzeko mezuak zabalduko dira lau haizetara hedabideetan, sare sozialetan eta metroan.

Alerta-sistema horrek herritarrek segurtasun indarrei laguntzea du helburu, biktimaren gaineko datu erabilgarriak eman ditzaten, eta horretarako telefono bat jarriko dute martxan: 900 300 330.

18 urtetik beherako pertsona bat desagertu ostean alerta aktibatzeko, arrisku handia egon behar da, indarrez eraman duten zantzu garbiak egon behar dira, biktima arriskupean dagoela baieztatu behar da eta biktima topatzeko datu nahikoak izan behar dira.

"Herritarren laguntza ezinbestekoa da sistemak arrakasta izateko", esan du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Gainera, horren esanetan, sistema honek "lehenengo 24 orduetan arin erantzutea" du helburu nagusi, eta soilik kasu larrietan aktibatuko da, "bestela eraginkortasuna galduko lukeelako".

Fernandez Diazek azaldu duenez, iaz 13.050 adingabe desagertu ziren, eta aurten 7.117 salaketa jaso dituzte dagoeneko. Gehienetan euren borondatez joaten dira etxetik, baina segurtasun indarrak 667 kasu ikertzen ari dira gaur egun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea