Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia gaurko, prezipitazio handiengatik
Ordubetean 15 litro baino gehiago ere bota litzake metro karratuko Nafarroako Pirinioetan eta Kantauri isurialdean.
Erredakzioa
Abisu horia egongo da ezarritan igandean Nafarroan eta EAEn, prezipitazio handiak egoteko arriskua dagoela eta. Iragarpenaren arabera, ordubetean 15 litro baino gehiago ere jaso litezke metro karratuko da.
Eguerditik aurrera daude aurreikusita, batez ere, euri mardula eta zaparradak. Dena dela, EAEn 9:00etan sartuko da indarrean abisua, batik bat Katauri isurialdeari begira, eta Nafarroan, berriz, 12:00etan ezarriko da abisua. Foru Erkidegoan, gainera, beste abisu hori bat ere jarriko dute, Pirinioetan, ekaitz arriskuarengatik.
Igandean, beraz, euria egingo du eta tenperaturak behera egingo du. Goizean fronte hotz bat iritsi eta Euskal Herria zeharkatuko du, euri dezente utziz eta tenperaturaren jaitsiera nabarmena eraginez. Euri gehien eguerdi aldean eta arratsaldean botako du, eta barnealdean baino gehiago Kantauri isurialdean. Goizaldean eta goizean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da eta giroa lasaiagoa izango da, baina frontea sartzearekin batera haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta harrotu egingo da.
Astelehenean, euritan jarraituko dugu goizean, baina arratsalderako hobera egingo du. Giroak fresko segituko du eta termometroa 20 ºC-tik ezin igo ibiliko da. Egunaren lehen zatian hodei ugari agertuko da eta litekeena da zaparradak botatzea, batez ere ipar partean. Arratsaldean, aldiz, atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Tenperatura 18-20 ºC-ren bueltan ibiliko da ordurik epelenetan, eta ipar-mendebaldeko haizea bizi samar ibiliko da.