Gizartea -
Polizia operazioa
Sendagaiak legez kanpo banatzen zituen sare bat desegin dute
Sarearen jardunak Logroñon zuen erdigunea, baina Nafarroan ere aritzen zen. Zazpi pertsona atxilotu dituzte.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak sendagaiak legez kanpo banatzen zituen sare bat desegin du azken orduotan, eta zazpi pertsona atxilotu ditu; bost Logroñon eta bi Malagan. Sareak, batik bat, Errioxan jarduten zuen, baina Iruñean ere bai.
Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziarekin batera egin dute ikerketa, eta sei hilabete iraun du. Horren harira, bederatzi farmazia miatu, eta egoera kaskarrean zeuden milaka sendagai atzeman dituzte.
Sarearen erdigunea Logroñoko farmazia bat zen, baina Iruñean, Nafarroako beste hainbat herritan, Malagan eta Granadan ere egiten zituzten legez kanpoko salmentak.
Logroñoko farmaziak 690.000 euroko iruzurra egin du, eta sendagaiak hersturaren, eskizofreniaren, parkinsonaren, epilepsiaren eta asmaren aurkakoak ziren.
Poliziak ohartarazi duenez, sendagaiak legez kanpo salerostea arriskutsua izan daiteke osasunarentzat; eta, gainera, kaltegarria da Ogasun Publikoarentzat eta Espainiako sendagaien merkatuarentzat.