Gizartea -
Justizia Ministerioa
Gallardonek sei sindikalistari indultua ematea aztertuko du
Pontevedran, Vigon eta Granadan hainbat langile greba egitera behartzea egotzita zigortu zituzten sindikalistak.
Erredakzioa
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak hiru urteko espetxe zigorra betetzen ari diren sei sindikalistari indultua ematea aztertuko du.
Hain zuzen ere, Pontevedran, Vigon eta Granadan hainbat langile greba egitera behartzea egotzita zigortu zituzten sindikalistak.
Gallardonek Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako buruekin batzartu eta gero egin du iragarpena. Dena dela, indultuak banakakoak direla argitu du, eta, horrenbestez, Konstituzioak ez dituela "indultu orokorrak" onartzen gogorarazi du.
Ministroaren esanetan, CCOOko eta UGTko buruek kezka agertu diote, epaileak Zigor Kodearen 315. artikulua (greba egitera behartzea debekatzen duena) zorrotzegi erabiltzen ari direla uste baitute.
Horren ildotik, Estatuko fiskalburuak arau hori ezartzen hasteko agindua eman duela uste dutela esan diote Toxok eta Mendezek Gallardoni, orain arte ez baita artikulu hori erabili.
Ministroak ukatu egin du fiskalburuak agindu hori eman izana, eta fiskalak eta epaileak aldi berean ezartzen hasi izana "euren hausnarketaren fruitu" dela esan du.
Bestalde, Toxok eta Mendezek txalotu egin dute ministroa Zigor Kodea aldatzeko prest agertu izana.