Gizartea -

Ezbeharra

18 urteko mutil bat hil da Terra Mitican, atrakzio batetik erorita

Osasun zerbitzuak ezbeharraren lekura joan dira, baina ezin izan dute gaztearen bizitza salbatu.

Istripua gertatu den atrakzioaren irudia. EFE
Istripua gertatu den atrakzioaren irudia. EFE
Istripua gertatu den atrakzioaren irudia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jatorri islandiarreko 18 urteko mutil bat hil da gaur arratsaldean Alicanten, Benidormeko Terra Mitica parkeko atrakzio batetik erorita, osasun iturrien arabera.

Inferno atrakzioan gertatu da ezbeharra. Errusiar mendi horrek 360 graduko bueltak ematen ditu eta orduko 60 kilometroko abiaduran mugitzen da.

SAMU zerbitzuko medikuak ezbeharraren tokira gerturatu diren arren, sendagileek ezin izan dute gaztea salbatu.

Tokiko udaltzainak eta Polizia Nazionala ere bertara joan dira. Azken horiek istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa ireki dute.

2007ko uztailean inauguratu zuten atrakzioa, eta parkeko Erroma zonaldean dago. 400 metro koadro okupatzen ditu.

Ikuskapena gaindituta zuen

Segurtasun ikuskapena arazorik gabe gaindituta eta parkeko langileek gaur goizean errebisatuta zegoen Inferno atrakzioa, enpresako iturrien arabera.

Ikuskapen bakoitza erregistratuta gelditzen da enpresaren barne dokumentazioan, eta jada polizia judizialaren eskuetan dago.

Prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, Terra Miticako zuzendaritzak adierazi du "segurtasun berme gutziekin, atrakzioaren funtzionamendu egokia" ziurtatzen duen egiaztagiri ofiziala duela.

Oraindik ez dago argi zerk eragin duen istripua. Terra Miticak jakinarazi du "zorigaitzeko gertakariaren zergatia" ikertzen jarraituko duela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Nerabezaroa albisteak