Gizartea -
Polizia-operazioa
Camorrako ia 30 kide atxilotu dituzte Madrilen
Espainiatik Italiara eta Europako beste herrialde batzuetara bidaltzen zuten droga; geroago herrialde horietatik banatu eta saltzen zuten. Atxilotutakoak espainiarrak eta italiarrak dira.
Erredakzioa
Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak elkarrekin ari diren operazioan Camorrako ia 30 kide atxilotu dituzte gaur, asteartea, Madrilen. Atxilotutakoei droga-trafikoa eta dirua Espainian zuritzea egotzi diete.
Ikerketako iturriek esan dutenez, 30 bat pertsona atxilotu dituzte, gehienak Madrilen, eta zenbait miaketa ere egin dituzte, horietako batzuk jatetxe italiarretan.
Polizia operazio horren bidez, Espainian jarduten diren klan camorristen kontra egitea dute helburu.
Espainiatik Italiara eta Europako beste herrialde batzuetara bidaltzen zuten droga; geroago herrialde horietatik banatu eta saltzen zuten. Dirua zuritzeko, Camorrak zenbait enpresa faltsu erabiltzen zuen.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Milanen esan duenez, 26 atxilotu dago dagoeneko, eta espainiarrak eta italiarrak dira.
Fernandez Diazen arabera, 12 miaketa egin dituzte, eta berton "armak, dirua, eta droga, gehien bat kokaina".
Droga-trafikoa, kapitalak zuritzea, estortsioa, mehatxuak, ondarearen aurkako delituak eta dokumentuak faltsutzea leporatzen diete.
Operazioa Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen agindupean abiatu dute, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzarekin koordinatuta.