Gizartea -

Oposaketak Bilbon

49 lagunek gainditu dute udaltzain izateko oposaketen lehen fasea

Bilboko Udalak 25 plaza eskaintzen ditu, eta 784 pertsona aurkeztu dira probara. Bigarren fasea uztailaren 17an izango da.

783 lagun aurkeztu dira Bilboko udaltzain izateko oposaketara

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

49 pertsonak baino ez dute gainditu Bilboko Udaltzaingoan 25 plaza betetzeko lan eskaintza publikoaren lehen fasea gaur Bilbao Arenan.

Prozesuan onartutako 1.329 lagunetatik, 784 bertaratu dira probetara (% 59,1), eta horietatik, % 27ak gainditu du jakintza teoriko orokorren atala, eta % 6,25ak, 49 pertsonak, hain zuzen, Bilboko Hiriaren inguruko ezagutzaren proba.

Bigarren fasea, proba praktikoena, uztailaren 17an izango da, Zorrotzako kiroldegian.

65 postu libre ditu egun Bilboko Udaltzaingoak, eta horietatik 25 beteko dira lan eskaintza publiko honekin.

Abenduan onartu zuen Bilboko Udaleko osoko bilkurak lan eskaintza publikoa deitzea, haren ustez, "Plan Ekonomiko Finantzario zehatz baten eraketak bermatu du horren bideragarritasuna, Estatuko Aurrekontu Orokorren 17/2012 Legeak erakusten duen moduan".

Lehiaketa-oposaketa moduan beteko dira Bilboko Udaltzaingoko 25 plaza, eta horietatik bederatzi euskararen bigarren profil linguistikoa dutenentzat gordeko dira.

Gaurko azterketaz gain, ariketa fisikoak, pertsonalitate probak eta aurrez aurreko elkarrizketa gainditu beharko dituzte.

Behin hori gaindituta, bederatzi hilabeteko kurtso bat egingo dute Udaltzaingoaren Akademian eta Arkauteko Ertzaintzaren instalazioetan. Bertan, ondoko gaitasunak jarriko dituzte praktikan: autodefentsa, armen erabilera, identifikazioak egitea, larrialdi egoeratan bitartekaritza lanak egitea, ibilgailuak gidatzea eta komunikazio sistemak erabiltzea.

"Azken pausoa urtebeteko praktikaldia izango da. Kalean egingo dute lan, armarik gabe, eta agente beteranoen laguntza izango dute udaltzaingo gisa bete beharreko eginkizunak egiteko, esaterako, hiritarren eta ondasunen segurtasuna bermatzea, trafikoa erregulatzea eta ordenantzak eta legeak betetzen direla bermatzea", azaldu du Udalak.

800 pertsona inguruk egiten dute lan Bilboko Udaltzaingoan: 746 poliziak dira, eta gainontzekoak, administrazioko kideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea