Gizartea -

Hilketa

Adingabe bat atxilotu dute, gazte bat bihurkin batekin hiltzeagatik

Erasoaren ostean, ustezko erasotzailea etxebizitza bateko atarian ezkutatu da. Pertsona talde batek bertan inguratu du, mendekua hartzeko asmoz, Polizia iritsi den arte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak 16 urteko adingabea atxilotu du Huelvan, 29 urteko gazte bat bihurkin batekin sastatu eta hiltzea leporatuta. Erasotzaileak lau sastada eman zizkion biktimari bularrean, eztabaidan ari zirenean.

Gertaera Huelvako Gonzalo de Berceo kalean izan zen, asteazkenean, 22:55ean. 112 zerbitzuak eta Espainiako Gobernuak Huelvan duen Ordezkaritzak aditzera emandakoaren arabera, adingabea motor bat konpontzen ari zela, biktima hurbildu zitzaion eta biak eztabaidan hasi ziren.

Auzokideak ziren eta, antza, aurretik izandako arazoengatik hasi zuten eztabaida. Halako batean, adingabeak bihurkina hartu zuen, eta hainbat sastada eman zizkion gazteari bularrean.

Biktima erasoaren lekuan bertan artatu zuten osasun zerbitzuek, eta, ondoren, Juan Ramon Jimenez ospitalera eraman zuten. Gaztea ospitalean hil zen.

Lintxatzeko zorian

Erasoaren ostean, ustezko erasotzailea etxebizitza bateko atarian ezkutatu zen. Pertsona talde batek bertan inguratu zuen, mendekua hartzeko asmoz, eta auzoko batzuek Poliziari deitu zioten.

Agenteak iritsi zirenean, jendea sakabanatu eta adingabea atxilotu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Delituak argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Krimenak azken ordukoa