Gizartea -
Izendapena
Gaztelugatx, Estatuko natur eremu ederrenetariko bat
Bermeoko alkateak plaka jaso du Gaztelugatxen. Espainiako Estatuko 7 eremu natural ederrenen artean hautatu zuten Interneteko erabiltzaileek, Allianz Global Assistancek antolatutako bozketan.
Erredakzioa
Gaztelugatx Espainiako Estatuko zazpi eremu natural ederrenetariko bat izango da aurrerantzean. Gaztelugatx ibilbide natural berriko lehen jomuga izango da. Ibilbideak, besteak beste, Katedralen hondartza (Lugo), Gata lurmuturra (Almeria) eta Somiedo (Asturias) izango ditu, Allianz Global Assistancek jakitera eman duenez.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak plaka jaso du asteazken honetan Gaztelugatxeko eskaileretan. Espainiako Estatuko 7 eremu natural ederrenen artean hautatu zuten Interneteko erabiltzaileek, maiatzetik ekainera arte Allianz Global Assistancek antolatutako bozketan. 80.000 erabiltzailek baino gehiagok eman zuten botoa.
Eremu ederrenen esploratzailea izendatzeko, 651 hautagaik izena eman zuten bozketaren ostean, eta Mar Morales aukeratu zuten. Moralesek ibilbide turistikoa estreinatuko du. Bidaia www.7maravillas.es atarian jarraitu ahal izango dute erabiltzaileek, eta ibilbidearen testuak, argazkiak eta bideoak jasoko dira webgunean.
Liburua
Gainera, Allianz Global Assistancek eremu ederrenen liburu bat egingo du. Elssie Ansareoren argazkiak bilduko ditu liburuak. Ansareo Moralesi laguntzen joango da aurreneko bidaian.
Zazpi eremu ederrenak maiatzaren 28tik ekainaren 8ra aukeratu zituzten, bozketa baten bidez. 20 eremu natural lehiatu ziren Interneten, eta 82.000 boto-emailek baino gehiagok hautatu zituzten zazpi eremu ederrenak.
Gaztelugatx (Bermeo) izan zen lehen sailkatua, eta Somiedoko Parke Naturala (Asturias) eta Gatako lurmuturra (Almeria) sailkatu ziren ondoren. Las Médulas (Leon), Ruiderako urmaelak (Gaztela-Mantxa), Fuente Dé (Kantabria) eta Katedralen hondartza (Lugo) geratu dira azkenean zerrendako lehen postuetan.