Gizartea -
Beroa
Enbatak estali du euskal kostaldea
35 gradu inguruko tenperaturak izan dira egun osoan EAEn, eta enbata sartu da kostaldean; termometroek 12 gradu gutxiago markatu dituzte toki batzuetan.
Erredakzioa
Enbata iritsi da gaur arratsaldean euskal kostaldera, egunean zehar izandako beroaren ondorioz. EAEko puntu askotan 35 gradutik gorako tenperaturak izan dira egun osoan.
Euskalmetek aurreikusi bezala, hodeiak kostaldera iristen hasi dira arratsaldeko ordubiak aldera, eta ipar-ekialdeko haize bolada gogorrak izan dira; orduko 55 kilometrokoak Zarautzen eta 77koak Donostian, esaterako. Enbata sartzean, euskal hondartzetan zeuden bainulari askok uretatik irten behar izan dute.
Tenperaturek berehala egin dute behera; Zumaian, 34 gradutik 22ra igaro dira, eta Donostian, 20 minutuan bederatzi gradu jaitsi dira.
Segurtasun sailak muturreko tenperatura altuengatik abisu horia jarri du martxan.
Ostiralean, hodeiak
Bihar, ostirala, goizean eta gauean zeru lainotsuak espero dira, hodei baxuekin kostaldean eta inguruetan. Egunean zehar, hodei gutxi izango dira, ordea. Arratsaldean ezegonkortasuna handitu egingo da, eta oso litekeena da zaparrada trumoitsuak botatzea, batez ere ipar isurialdean.
Goizean ekialdeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean iparraldekoa, bereziki kantauri isurialdean.
Tenperatura jaitsi egingo da apur bat, baina, hala ere, sargori egingo du. Araba eta Nafarroa hegoaldean tenperatura ia ez da jaitsiko, eta baliteke 35 gradu ingurura iristea.
Eusko Jaurlaritzak arreta eskatu du suteak eragiteko arriskua dela eta
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prebentzioa eskatu du ostegunerako, izan ere, tenperatura altuak direla eta, basoetan suteak pizteko arriskua handiagoa izango da.