Gizartea -

Ikerkuntzarako bekak

40 milioi bideratuko dira EAEko bikaintasun ikerkuntza sustatzeko

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azpimarratu du deialdi horrek ikerketa zientifikoaren aldeko etorkizuneko apustua egiten duela eta zentroak nazioartean erakargarri bihurtuko dituela.

Eusko Jaurlaritzak 40 milioi euro inbertituko ditu ikerketa beketan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 40 milioi euroko diru-laguntzak bideratuko ditu 2014-2017 urteen artean BERC Bikaintasun Ikerketa Zentroen euskal sarea sustatzeko, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez.

BERC bikaintasun ikerkuntzako euskal zentroak interes zientifikoko esparruetan ezagutza sortzeko azpiegiturak dira, biofisikan, fisikan, matematiketan, klima aldaketan eta neurozientzian, esaterako, eta nazioartean duten izenagatik eta ikerkuntzan duten bikaintasunagatik ezagunak dira.

Gaur egun, bederatzi dira BERC zentroak: FBB, DIPC, MPC, BC3, BCAM, BCBL, Achucarro, Polymat eta BCMaterials.

Deialdi honetan, lehen aldiz lehiatuko dira Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) parte hartze zuzenarekin sortutako hiru zentro berri. Polymat, Achucarro eta BCMaterials EHUko puntako ikerketa taldeetatik eratorritako zentroak dira, euskal zientzia sistemari ekarpen bikainak egin dizkiotenak.

BERC zentroek 554 langile dituzte; horietako 288 doktoreak dira, 168 doktorego ikasleak, 52 teknikariak eta 46 administrazioko langileak. 2013an zehar, zentro horietako jardueraren ondorioz ondutako ia 600 argitalpen zientifiko indexatuak Euskadiko ekoizpen zientifiko osoaren %12,5 izan ziren.

Bilbon eman duen prentsaurrekoan, Uriartek azpimarratu du deialdi horrek ikerketa zientifikoaren aldeko etorkizuneko apustua egiten duela, eta lagunduko dituen zentroak nazioartean erakargarri bihurtuko dituela, talentudun ikertzaileak atzeman eta bertan mantentzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea