Gizartea -
Auto-ilarak
Kamioi batek galdutako zamak auto-ilara luzeak eragin ditu Alegian
Gidariak kamioiaren kontrola galdu eta istripua izan du, eta, ondorioz, zeraman zama bidera erori da eta plastikozko bobinek bidea oztopatu dute.
Erredakzioa
N-1 errepidean, Alegian, Irunerako noranzkoan kamioi batek ezbeharra izan du igande arratsaldean eta barruan zeramatzan 370 kilogramo inguruko plastikozko bobinak errepidera erori dira, eta zirkulazioa oztopatu dute hainbat orduz.
Gidariak kamioiaren kontrola galdu eta istripua izan du, baina kamioia errepidetik kanpo uztea lortu du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 16:50ean gertatu da, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko.
Ezbeharrean ez da inor zauritu, baina auto-ilara luzeak sortu dira hainbat orduz. Izan ere, gidariak kamioia bazterreratzea lortu badu ere, barruan zeramatzan plastikozko bobinak errepidean barreiatuta gelditu dira.
Hainbat ordu behar izan dituzte errepidea garbitzeko eta bidea erabat irekitzeko.