Gizartea -

Donostiako Aste Nagusia

Jaurlaritzak portua erabiltzea baimendu du, segurtasuna bermatuz gero

Abordatzeari dagokionez, antolakuntzak segurtasun-neurriak kontrolatzea aholkatu du Eusko Jaurlaritzak ohar batean.

Donostiako Piratak kolektiboak prentsaurreko bat eman du. EiTB
Jaurlaritzaren debekua 'nahaste' bat izan dela uste dute Piratek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak portuan jaietarako gunea jartzeko baimena ukatu diola salatu du Donostiako Piratak kolektiboak. Ingurumen Sailak, aldiz, ukatu egin du hori, eta osasun eta segurtasun arauak betetzeari buruzko informazio gehiago besterik ez duela eskatu azaldu du.

Donostiako Piratak taldeak duela 13 urtetik Udalak martxan jartzen duenaren festa-egitarau alternatiboa antolatzen du Aste Nagusian, abuztuaren erdialdean, eta Donostiako portuan oinarritzen ditu jarduerak. Ekitaldi nagusia “piraten abordatzea” izan ohi da.

Halaber, kaian karpa bat jartzeko lekua hautatu dute, baita jai jarduerak eta kontzertuak garatzeko gunea ere. “Flamenca” deitu diote leku horri.

Piratek prentsaurreko batean larunbat honetan adierazi dutenez, Ingurumen Sailak portuaren erabilera eragotzi die, “arrisku gehigarriak” daudelako gune horretan, eta ez delako Aste Nagusirako ekitaldi jendetsuak antolatzeko egokia.

Jaurlaritza, portuaren erabilera uzteko prest

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen Sailaren ohar baten bitartez, esan du Aste Nagusirako jai jardueretarako portua erabiltzen uzteko prest dagoela, “segurtasuna bermatzen den bitartean”.

Ingurumen Sailak ekitaldi hauen antolatzaileei eta Aste Nagusiko arduradunei “informazio zehatzagoa” eskatu die “Donostiako portuan osasun eta garbitasun araudia betetzeari buruz”.

“Piraten abordatzea”ri dagokionez, antolakuntzakoek segurtasun-neurriak kontrolatzea aholkatu du, parte hartu behar duen orok igeri egiten jakitea eta uretan era egokian jardutea, besteak beste “nahasmen egoerak ekidinez”.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aste Nagusia albisteak Donostia bideoak