Gizartea -
Tren istripua
Kableen egoera txarrak eragin zuen bi trenen arteko talka Frantzian
3.000 seinaleztapen sistema inguru ikuskatuko dituzte datozen egunetan instalazio elektrikoetako tentsioa kontrolatzeko eta kableen egoera egiaztatzeko.
Erredakzioa
Arratoiek jandako semaforo bateko kableen egoera txarrak eragin zuen bi trenen arteko talka uztailaren 17an Frantzian. Ezbeharrean 40 pertsona zauritu ziren, horietatik 4 larri, SNCF trenbide zerbitzuak kudeatzen dituen enpresa publikoak egindako ikerketaren arabera.
Semaforo barruko kableak hondatuta zeuden, eta, ondorioz, seinale okerrak eman zituen. Ikerketa horren esanetan, tren zerbitzu erregionaleko (TER) gidaria ez zen istripuaren erantzule izan, hasiera batean esan bezala.
Semaforoko argi berdea piztu zen eta tren zerbitzu erregionala abiatu egin zen, beraz, gidariak ez zuen "semaforoa gorrian pasa", azpimarratu du Alain Krakovitch tren zerbitzu erregionaleko (TER) segurtasun arduradunak. Trena martxan jarri zen eta, 128 kilometro orduko abiadura hartu ostean, abiadura handiko tren (TGV) baten kontra talka egin zuen. TGV trena 30 kilometro orduko abiaduran zihoan, protokoloak agindu bezala, izan ere zati horretako seinaleztapenean matxura zegoen.
SNCFko adituek karraskarien arrastoak antzeman zituzten seinaleztapen zentroetan eta hainbat kable egoera txarrean zeudela egiaztatu zuten. Are gehiago, "bi kableen arteko ezusteko kontaktuaren eraginez" semaforoko argi berdea piztu zen, eta horrek bat egin zuen "ezohiko baldintza tekniko multzoarekin".
Frantzian trenbide zerbitzuak kudeatzen dituen enpresa publikoak 3.000 seinaleztapen sistema inguru ikuskatu ditu abuztuaren 10a bitartean instalazio elektrikoetako tentsioa kontrolatzeko eta kableen egoera egiaztatzeko. Bestalde, gainerako 10.000 instalazioak irail aurretik aztertuko dituzte.