Gizartea -
Gipuzkoa
Agertu da Hondarribiko mendigune batean bilatzen ari ziren gizona
Familiak ostiralean eman zuen desagerpenaren berri; Done Jakue bidea egiten ari zen gizona, eta ez zuen telefonoa hartzen.
Erredakzioa
Pasaia eta Hondarribia herri gipuzkoarren artean dagoen mendigunean desagertu zen 34 urteko gizona, Done Jakue Bidea egiten ari zela, gaur, astelehena, agertu da, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
08:50ak aldera, desagertutako gizonaren amak jakinarazi dio Ertzaintzari semea agertu dela eta, horren hitzetan, "ondo dago", eta asteburuan abiarazitako bilaketa lanak eskertu ditu.
Ertzaintzak, Gurutze Gorriak eta DYAk osatu dute gizonezko honen -altsasuarra- bilaketa operatiboa. Familiak ostiralean hitz egin zuen azkenekoz berarekin, Done Jakue Bideko etapetako bat bukatu ondoren.
Halere, ordutik, gizonak ez zuen telefonoa hartzen; horregatik, Ertzaintza jakinaren gainean jarri zuten.
Ertzaintzaren unitate batek desagertuaren autoa topatu zuen Hondarribiako camping batean, baina ez zuen izena emanda.
Gaurko 08:30ean, mendi talde batek eta Ertzaintzako txakurren unitateak, Gurutze Gorriko eta DYAko taldeekin batera, Pasaia eta Hondarribia arteko mendigunean abiarazi dute bilaketa, baina 20 minutu geroago bertan behera utzi dute operatiboa, desagertuaren amak bere semea agertu dela esan eta gero.