Gizartea -
Gertakaria
Uribarri-Ganboan jausitako gizona bilatzeko lanak amaitu dituzte
40 urteko gasteiztarra da urpekariak bilatzen ari diren gizona. Belaontzi batean zegoela uretara jausi omen zen, eta ordutik ez da agertu.
Erredakzioa
Ertzaintzaren urpekariak larunbatean uretara jausi zen gizon baten bila ari dira Uribarri Ganboako urtegian.
Arratsaldeko zortziak jota amaitu dituzte gaurko bilaketa lanak eta bihar 08:30ean ekingo diete gizona bilatzeko lanei.
Gasteizko bizilaguna da, 40 urtekoa, eta Uribarri-Ganboako (Araba) urtegian belaontzi batean zegoela uretara jausi zen, Segurtasun Sailak zehaztu duenaren arabera.
Gertaera 18:00ak aldera izan zen, eta berehala bilaketa operazioa abiarazi zuten, baina ez zuten topatu eta, iluntzean, eten egin zuten. Gaur, igandea, lehenengo orduan ekin diete berriro urpekariek bilaketa lanei, urtegiko Landa izeneko aldean.
Gurutze Gorriak Landan duen postuko kideek eman zioten abisua Ertzaintzari. Oraingoz, ez dakite zergatik gertatu zen istripua. Atzotik urtegia arakatzen ari diren arren, ez dute aurkitu gizona. Helikopteroz ere ari dira ingurua begiratzen.