Gizartea -
Nafarroa
PSNk errausketa baztertzea eskatu du hondakinen plana adosteko
Alderdi horren irizpidea, Samuel Caro parlamentariak azaldu duenez, hondakinak tratatzeko teknologia berrien aldeko apustua egitea da.
Erredakzioa
Samuel Caro parlamentari sozialistak azaldu duenez, PSNk zaborren errausketa baztertzeko eskatuko dio Nafarroako Gobernuari Hondakinen Plan Integrala adostu ahal izateko.
Prentsaurrekoan, Carok nabarmendu du 2012an inkognita bat zabaldu zela Nafarroan, etorkizunean Foru Erkidegoak izango duen ereduaren inguruan, epaimahaiek planaren zati handi bat baliogabetu eta gero. Egoera horri, azpimarratu du, parlamentu-jarduera berreskuratzean eman behako zaio irtenbidea.
Nafarroako Gobernuaren irizpideak ezagutzeko, PSNk Ingurumen Departamentuko kontseilariaren agerraldia eskatuko du. Horrela, kontseilariak plana baliogabetu zutenetik egindako gestioak zehaztu ahal izango du.
Teknologia berrien aldeko apustua
PSNren irizpidea, Carok azaldu duenez, hondakinak tratatzeko teknologia berrien aldeko apustua egitea da. "Isurkinik ez" helburua lortzea da asmoa, horrekin, eta gainera egin beharreko inbertsioa (une honetan dabiltzan zentroetan) erraustegi bat sortzearen erdia izango litzateke. Erraustegi batek 250-300 milioi euro balio izango luke.
Gainera, PSNk uste du birziklatzearen politiketan aurreratzea komeni dela; hiri-hondakinak berrerabiltzea, konposta egiteko ez ezik biodiesel bezalako produktuak ekoizteko ere; eta, batez ere, sozialistek uste dute oso garrantzitsua dela hiritarren heziketa eta sentsibilizazioa, hondakinak zuzen kudeatzeko.
Azpimarratu duenez, eredu hori "baketsua" da, gizarte-arloan, eta hiritarren lasaitasuna bermatuko luke. Errausketarekin, aldiz, egoera bestelakoa izango litzateke.
Carok esan du ezinbestekoa dela Nafarroako hondakinen ereduari ekitea; dena den, salatu duenez, Nafarroako Gobernua "isilik" dago, herritarrei ez die erantzunik ematen, eta horiek ez dakite kudeaketa eredua errausketa den ala teknologia berriak diren. "Nafarroako Gobernuak ezin du isilik jarraitu", azpimarratu du parlamentariak.