Gizartea -
Antzezpen historikoa
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea gogora ekarri du Getariak
17:00ak aldera, Elkano eta Fernando de Magallanesek zuzendutako espedizioan bizirik geratu ziren 17 itsasgizonak Getariako portura heldu dira.
Erredakzioa
Juan Sebastian Elkano itsasgizona Sanlucar de Barramedan lehorreratu zeneko eguna gogorarazi du gaur Getariak (Gipuzkoa) antzerki historiko batean. Elcanok munduari bira eman zion 1522an.
17:00ak aldera, Elkano eta Fernando de Magallanesek zuzendutako espedizioan bizirik geratu ziren 17 itsasgizonak Getariako portura heldu dira. Getariak Sanlucar de Barramedaren papera egin du gaurkoan. Milaka lagun bildu dira herrian.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Nika Lertxundi Getariako alkatea eta Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburua bertan izan dira, besteak beste.
Horrela, getariarrek auzokide ospetsuena gogora ekarri dute, 1922az geroztik egin bezala. Itsasgizona 1476an jaio zen Getarian. Magallanesek hasitako balentriari amaiera eman zion Elkanok, beste 17 itsasgizonekin batera. Nao Victoria ontzia Sanlucar de Barramedako (Cadiz) portura eraman zuten munduari bira eman eta gero.
Getariako herritarrek balentria lau urterik behin gogoratzen dute, baina oraingoan bost urte pasatzen utzi dituzte (azken antzerkia 2009an egin zuten). 2022an antzezpena egitea nahi dute; izan ere, balentriaren bosgarren mendeurrena beteko da urte horretan.
Saltillo
2009an, Nao Victoria-ren kopia batek 18 arloteak Sevillatik Getariako portura ekarri zituen. Gaur, ostera, Saltillo Euskal Herriko Unibertsitatearen eskola-ontziak Nao Victoria-ren "papera" egin du antzerkian.
Lehorreratu eta lurrari musu eman eta gero, Elkano (Manu Gorostiaga) eta beste 17 itsasgizonak Salvadorreko elizara joan dira Antiguako amari eskerrak emateko.
Lehorreratzearen antzezpena Balenciaga Museoan bukatu da. Hori izan da aurtengo berritasuna nagusia.