Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat bortxatzen saiatu dira Pasaian
Ustezko erasotzailea, txakur arriskutsu bat zeraman 21 urteko mutil bat, atxilotuta dago jada.
Erredakzioa
Emakume batek bortxaketa saiakera bat pairatu du Euskotrenek Pasaian (Gipuzkoa) duen geltokian. Ustezko erasotzailea 21 urtekoa da eta txakur arriskutsu bat zeraman une horretan. Ertzaintzak atxilotu egin du jada.
Sexu erasoa asteazkenean jazo zen, 09:00etan. Ordu horretan, biktima tren geltokira bidean zihoan, ezezagun bat gerturatu egin zitzaion, eta emakumezkoarekin hitz egiten saiatu zen.
Tren geltokira iritsi zirenean, mutila emakumearen alboan jarri zen, eta ukipen lizunak egiten hasi zen. Ondoren, horma baten aurka jarri zuen, bortxaketa egiteko asmoz.
Emakumea, baina, oihuka hasi zen, laguntza eske, eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Biktima trenera igo zen, baina bidaiariek larri ikusi zuten, eta SOS Deietara deitu zuten.
Handik eta ordu batzuetara, Ertzaintzak identifikatu egin zuen erasotzailea, eta atzo atxilotu zuen, Donostian. Dagoeneko utzi dute epailearen esku.