Gizartea -
Bi solairu kaltetuta
Emakume bat hil da Lleidan bonbona batek eztanda eginda
Poliziak adierazi duenez, baliteke eztanda nahita eragindakoa izatea, bonbona manipulatu dutela baitirudi. Gainera, beste hiru pertsona zauritu dira eta 30 lagun etxetik aterarazi dituzte.
Erredakzioa
Emakume bat hil da bart Lleidan, etxebizitza batean bonbona batek eztanda eginda; gainera, 30 bat pertsona eraikinetik atera dituzte, Generalitateko Suhiltzaileek Eferi jakinarazi diotenez.
23:00ak aldera, leherketa gertatu eta sutea piztu da Lleidako Plaza de la Sal enparantzako 5 zenbakian, zazpi solairuko eraikin batean.
Leherketaren ondorioz, 49 urteko emakume bat hil da, eta beste etxebizitza bateko hiru bizilagun zauritu dira, kea arnastuta. Arnau de Vilanova (Lleida) Ospitalera eraman dituzte artatzera.
Aipatutako iturrien arabera, baliteke eztanda nahita eragindakoa izatea, bonbona manipulatu duten zantzuak baitaude. Gertatutakoa argitzeko, ikerketa abiarazi dute, baina ez dute baztertu norbaitek manipulatu izana.
Leherketaren ondorioz, eraikineko bosgarren eta seigarren solairuak kaltetu dira, eta laugarren solairuko alde bat ere bai.
Eraikinetik 30 lagun irtenarazi dituzte; batzuei Udalak bilatu die gaua pasatzeko lekua, eta beste batzuek lagunengana eta senideengana jo dute.
Suhiltzaileen esanetan, kalteak ez dituzte oraindik aztertu, baina badirudi eraikinaren egitura ez dela kaltetu. Nolanahi ere, Udalak baimena eman arte, bizilagunak ezingo dira euren etxeetara itzuli.