Gizartea -

Andre Maria Zuriaren jaiak

Gasteizko hotelak ia beteta egon dira Andre Maria Zuriaren jaietan

Hiriburua bisitatu duten turisten erdiak baino gehiago Espainiako estatutik joan dira; batez ere katalanak, valentziarrak eta madrildarrak bertaratu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko hotelak ia % 100ean egon dira beteta Andre Maria Zuriaren jaiak iraun duten astean zehar, Idoia Garmendia Gasteizko alkateordearen esanetan.

Datu horien aurrean, Gasteizko Udalean oso pozik daudela nabarmendu du, eta "urtez urte festak erakargarriagoak bilakatzen ari dira", gaineratu du.

Alkateordeak jakinarazi du hiria bisitatu duten turisten % 62,14 Espainiako estatutik etorritakoak izan direla; batez ere katalanak, valentziarrak eta madrildarrak. Andaluziatik etorritako bisitarien kopuruak, baina, nabarmen gora egin duela azpimarratu du.

Frantziatik etorritako turisten gorakada ere nabarmendu du Garmendiak. Bisitarien % 17,18 atzerritik etorri dira, eta horien % 6,35 frantziarrak izan dira. Halaber, Erresuma Batutik, Italiatik, Alemaniatik, Herbehereetatik eta Belgikatik etorritakoak ere izan dira. Bisitarien % 20,68, berriz, Euskaditik joan dira.

Hiriko hotel nagusiak ia % 100ean egon dira beteta, eta horietako batzuetan "beteta" kartela jarri behar izan dute.

Turismo Bulegoak abuztuaren 4an, 5ean eta 7an jaso ditu bisita gehien.

Horrekin batera, bisita gidatuek "harrera oso ona" izan dutela jakinarazi du Garmendiak. Izan ere, abuztuaren 4tik 9ra, bisita horietarako tokien % 80 bete ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andre Maria Zuriaren Jaiak Gasteizen Araba Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Ostatuei buruzko albisteak