Gizartea -

Malaga

Gizon bat atxilotuta Mijasen 8 neskato sare sozialetan jazartzeagatik

Poliziak adin txikikoen galbideratzea, sexu-probokazioa, haur pornografia eta sexu-abusua delituak leporatu dizkio. Baliteke atxiloketa gehiago egotea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du Mijasen (Malaga) 10-15 urteko zortzi neskato ustez jazartzeagatik, Estatuko zenbait lekutan, sare sozialen bidez eta adin txikikoaren plantak eginez.

Atxilotutakoak profil faltsua egin zuen biktimekin harremanetan jartzeko eta konfidantzakoa izatea lortzeko, eta behin irudiak partekatzea onartzen zutenean, berak emandakoa aginduak bete ezean bideoak plazaratuko zituela esaten zien mehatxu egiteko, Poliziak gaur, igandea, ohar baten bidez zabaldu duenez.

Adin txikiko neska baten amak egindako salaketak eragin zuen ikerketa; atxilotutakoak neskatoa sare sozial baten bidez jazartzen ari zen.

Atxilotutakoak kontu faltsu bat egin zuen sare sozial ospetsu batean, Xavi Mauricios Riquelme izenarekin. Hasierako kontaktuaren ondoren, elkarrizketa erotikoak egiten zituzten, eta orduan kutsu sexualeko irudiak neskatoekin partekatzeko aprobetxatzen zuen.

Lehenengo bideoak jaso eta gero, gizona eduki horietaz baliatzen zen neskatoak mehatxatzeko, horren moduko bideoak bidaltzen jarraitzen ukatzen bazuten.

Hasieran, biktimak identifikatzen aritu dira ikertzaileak buru belarri, ikerketaren hasieran, eta zortzi topatu dituzte, denak 10 eta 15 urte artekoak, eta Espainiako zenbait puntutan.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez dute baztertu biktima gehiago izatea.

Poliziak adin txikikoen galbideratzea, sexu-probokazioa, haur pornografia eta sexu-abusua delituak leporatu dizkio, eta espetxean sartu dute dagoeneko.

Poliziak prebentzioaren garrantzia nabarmendu du, haurren eta nerabeen kasuan, Sarean arriskurik gabe ibiltzeko, eta era honetako jazarpenak -grooming deitutakoa-, eta bestelako delituak, saihesteko.

Emandako aholkuen artean, sare sozialen bidez irudi pribatuak ez partekatzea, ezezagunengan konfidantzarik ez izatea, ordenagailuak eguneratuta eta babestuta izan -artxiboen lapurreta ekiditeko- xantaia inoiz ez onartzea eta helduei laguntza eskatzea, jazarpena pairatuz gero.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea