Gizartea -
Tarragonan
Sinaduren bilketa, alabaren bortxatzaileak kartzela ez saihesteko
Gizonezkoa zigortuta dago, dagoeneko, baina zigorra bertan behera geratzea eskatu du, alkoholismoaren aringarria argudiatuz.
Erredakzioa
13 urteko adingabe baten amak sinadurak biltzeko kanpaina bat abiatu du, Interneten bidez, bere alabaren bortxatzaileak kartzela ez saihesteko. Izan ere, bost urteko zigorra ezarri diote, baina zigor hori bertan behera geratzea eskatu du, alkoholismoaren aringarria argudiatuz.
Tarragonako Auzitegiak 2014ko ekainaren 18an ezarri zion zigorra abusatzaileari (neskaren osaba da), kartzelan bost urtez egoteko zigorra eta 10 urtez neskarengana ez gerturatzeko debekua. Sexu-abusuak egotzi dizkiote. Epaiketa ez zuten gauzatu; izan ere, akordio bat adostu zuten, Europa Pressek jasotako epaiaren arabera.
Amak, Lorena Alzuriak, Europa Pressi azaldu dionez, Fiskaltzak proposatutako akordioa onartzea erabaki zuen bere alabak deklaratu behar ez izateko. Izan ere, uste zuen zigortuak gutxienez lau urteko zigorra bete beharko zuela, hasieran zigorra 10 urte baino gehiagokoa izan bazitekeela ere.
Akordioan zegoena
Emakumeak dio adingabeari sortutako kaltea onartzen zela akordioan eta, gutxienez, zigorraren hiru laurdenak beteko zituela, baita 10 urteko urruntzea eta 10.000 euroko kalte-ordaina ere. Gainera, honen aburuz, akordio hori "irmoa" eta "atzeraezina" zen.
Dena den, Kode Penalaren 20.2 artikuluaren baitan 87,1 artikuluan oinarrituta, zigorra eteta eskatu du kondenatuak, alkoholismoa izatea, aurretik zigor penalik ez duela eta gizartean integratuta dagoela argudiatuz.
Tarragonako Auzitegiak ebatzi beharko duen aukera honen aurrean, biktimaren amak aurkako zenbait idatzi aurkeztu ditu, bortxatzaileak alkoholismoari duela urte batzuk aurre egin ziola argudiatuz eta zigorraren txikitzean hori kontuan izan dela esanez.