Gizartea -
Eustaten datuak
Euskal emakumeen bizi-itxaropena, 85,4 urte, EBko altuenetakoa
Azken hamarkadan, 2001etik 2011ra, gizonen bizi-itxaropena 76,4 urtekoa izatetik 78,9koa izatera igaro da, eta emakumeena, 83,7tik 85,4ra luzatu da.
Erredakzioa
Azken hamarkadan, 2001etik 2011ra, gizonen bizi-itxaropena 76,4tik 78,9ra eta emakumeena 83,7tik 85,4ra luzatu dira, Eustaten datuen arabera. Emakumeen datua EBko 28 estatuetako batez bestekoaren (83,1, 2011n) gainetik dago.
Estatuan, 2011n, gizonen bizi-itxaropena 79,5 urtekoa zen eta emakumeena 85,6koa.
Europar Batasunean, emakumeen bizi-itxaropena Frantzian (85,7) eta Espainian (85,6) bakarrik da Euskal Autonomia Erkidegoan baino luzeagoa. Ondoren, Italia (84,8), Austria, Finlandia, Portugal eta Suedia (83,8), Grezia eta Luxenburgo (83,6) agertzen dira zerrendan.
Bizi-itxaropen motzena, berriz, Bulgarian (77,8), Errumanian (78,2), Hungarian (78,7) eta Letonian (78,8) dute emakumeek.
EBko 28 estatuetako datuak alderatuta, bizi-itxaropenik handiena Suedian (79,9), Italian (79,7) eta Espainian (79,5) dute gizonezkoek. Motzena, berriz, beste hauetan: Lituania (68,1), Letonia (68,6), Bulgaria (70,7) eta Errumania (71,1).
Bestalde, Eustaten eta Eurostaten datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-kopurua Europar Batasuneko txikienetakoa izan zen 2012. urtean. 1.000 biztanleko 9,3 jaiotza izan ziren Euskadin, eta 10,4, berriz, Europan.
EAEko jaiotza-tasa 9,9koa zen 2008an, eta 9,2koa, 2003an. 2012an orain hamar urteko maila berean zeuden EAEko datuak.
2012an hauek zeuden Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren azpitik: Alemania (1.000 biztanleko 8,4 jaiotza), Portugal (8,5), Grezia eta Italia (9,0), eta Hungaria (9,1). Tasarik altuenak, berriz, beste estatu hauetakoak izan ziren: Irlanda (15,7), Erresuma Batua (12,8) eta Frantzia (12,6). Estatuan, berriz, 1.000 biztanleko 9,7 jaiotza izan ziren 2012an.