Gizartea -
Donostiako Udala
Donostiak 13.133 euro banatuko ditu euskararen erabilera sustatzeko
Donostiako Udalak 21 elkarte diruz lagunduko ditu, euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak antolatzeko.
Erredakzioa
Donostiako Udalak euskarazko jarduerak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteei bideratutako diru laguntzak onartu berri ditu. Tokiko Gobernu Batzordeak 21 elkarteren artean 13.133 euro banatzea erabaki du.
Diru laguntzak honako ekintza hauek sustatzeko erabiliko dira: haurrentzako aisialdirako ekintzak, sari banakeak, euskarazko produktuen webguneak, berariazko ikastaroak euskaraz edota kultura euskaraz sustatzen duten egitasmoak, besteak beste.
Donostiako Udalak komunikatu batean jakitera eman du ekintza eta egitasmo hauek oso garrantzitsuak direla Donostiako Udalak indarrean duen Euskararen Plan Orokorra garatzen eta osatzen laguntzeko.
Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura arduradunak azaldu du diru laguntza hauek eragile hauek guztiek egiten duten lana aitortzera, babestera eta sustatzera datozela: "Hirian euskararen normalizazioan urratsak ematen joateko ezinbestekoa da herri administrazioaren eta gizarte eragileen arteko elkarlana" esan du.
Txapartegik gogorarazi du euskara sustatzea dela lehentasuna: "Udal Gobernu honek konpromiso irmoa dauka euskararekin, alor guztietan saiatzen gara sustatzen, helburua baita gero eta gehiago euskararen hiria izatea", azpimarratu du.