Gizartea -
Ezbeharra Zaragozan
Zaragozako taberna batean giltzaperatutako gizonak bere burua hil du
Luis Pedro R.G. zuen izena, eta 63 urte zituen. 20 ordu zeramatzan bertan giltzapetuta, dirudienez, arrazoi sentimentalak direla medio.
Erredakzioa
Atzo, 23:00etatik Zaragozako taberna batean giltzaperatuta zegoen gizonak bere buruaz beste egin du , Aragoiko Poliziak jakitera eman duenez. 20 ordu zeramatzan giltzapetuta.
Luis Pedro R.G. zuen izena, eta 63 urte zituen. 20 ordu zeramatzan tabernan giltzapetuta, dirudienez, arrazoi sentimentalak direla medio. Atzo gauetik zonaldea inguratuta egon da eta egun osoan zehar bizilagun ugari gerturatu da bertara.
Hildakoaren arreba, semea eta bikotekide ohia ere bertan izan dira, eta poliziari laguntzen saiatu dira, amore eman zezan. 18:00ak aldera, Polizia Nazionaleko Talde Bereziko zenbait agente taberna barrura sartu dira, eta eztandak entzun dira barruan.
Gizonaren bikotekide ohi eta tabernaren jabeak gaur goizean Aragoiko irrati batean esan du giltzaperatzeko arrazoiak ez direla ekonomikoak, "atentzioa emateko" baizik.
Dirudienez hildakoak paper bat idatzi du poliziarentzat, eta ezer berezirik ez zuela nahi jartzen zuen bertan. Gizonak emakumea taberna barrura sartzeko eskatu du, berarekin hitz egin nahi baitzuen. Emakumea prest agertu da, honek arma entregatzen bazuen.
Gizonaren gertuko iturriek jakitera eman dutenez, duela urtebete 30.000 eta 40.000 euro inguru utzi zizkion hildakoak bazkideari taberna lekuz aldatzeko, oraindik bikotekide zirenean, eta ondoren, emakumeak harremana hautsi zuen.