Gizartea -
Kanpaina birala
Ur izoztuaren erronka, esklerosiaren aurka borroka egiteko
Mundu osoko milaka pertsonak hartu dute parte 'Ice Bucket Challenge' desafioan, alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzeko dirua biltzeko.
Erredakzioa
Interneteko modako kanpainak helburu solidarioa du. Mundu osoko milaka pertsonak onartu dute jada 'Ice Bucket Challenge' erronka. Burutik behera ur izoztua jaurtitzean datza, eta ondoren, desafioa onartu duenak 10 dolar eman behar ditu alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzen duen elkarte baten alde. Erronkak izandako arrakasta dela eta, sarea desafioa onartu dutenen bideoez bete da; tartean, hainbat aurpegi ezagun.
Uztailaren erdialdera hasi zen katea Bostonen. Esklerosia duen Pete Frates beisbol jokalari ohiak hiru laguni erronka bota zien, gaixotasuna ikertzearen alde busti zitezen.
Desafioa egiteko hautatutako pertsonek 24 orduko epea dute erronka onartzeko, edo, bestela, 100 dolar eman beharko dituzte. Gaixotasuna ezagutzera emateko sortu zen, hasiera batean, kanpaina hori, eta sare sozialei esker, mundu osoan zehar zabaldu da. Dagoeneko hamahiru milioi dolarretik gora bildu omen dituzte.
Abeslariak, kirolariak, aktoreak eta kazetariak batu dira, besteak beste, ur izoztuaren desafiora. Mark Zuckerberg Facebooken sortzailea izan zen lehenengoetakoa, eta Bill Gates aukeratu zuen erronkarekin bat egin zezan.
Informatikaren munduko erraldoien ostean, Justin Timberlake, Lady Gaga, Jennifer Lopez, Bon Jovi eta Ricky Martin musikariek, Cristiano Ronaldo, Neymar, Marcelo eta Dani Alves futbolariek eta Vin Diesel, Robert Downey Junior eta Steven Spielberg zinema munduko aurpegi ezagunek onartu dute erronka. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea ere hautatu dute, baina ikerketaren alde "gauza asko" egiteko prest dagoela esan duen arren, ez dela ur izoztutan bustiko onartu du. Dena dela, Etxe Zuriak baieztatu du dirua eman duela auzi horren alde.
Alboko esklerosi amiotrofikoa, Lou Gehrigen gaixotasuna izenez ere ezaguna, eritasun neuromuskular bat da, oraingoz sendabiderik ez duena. Garuneko zelula nerbiosoei eta bizkarrezur muinari eragiten die, eta gaixoek giharren mugimenduen kontrola galtzen dute. Askotan, gainera, paralisia eta heriotza eragin ditzake.