Gizartea -
Gandian
Espetxe zigorra emakume bat bortxatzen saiatu ziren hiru gazteentzat
19 urteko neskato bati sexu-erasoak egitea egotzita, Espainiako Poliziak lau gazte atxilotu zituen larunbatean Gandian (Valentzia).
Erredakzioa
Espainiako Poliziak lau gazte atxilotu zituen larunbatean Gandian (Valentzia), 19 urteko neskato bati sexu-erasoak egitea egotzita. Adinez nagusiak diren hiru gazteei espetxe zigorra ezarri die Gandiako lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak. 17 urteko mutiko bat ere atxilotu zuen Poliziak, eraso horretan parte hartzeagatik, eta Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zuten atzo. Erasoa iragan asteburuan gertatu zen, diskoteka bateko aparkalekuan zegoen ibilgailu baten barruan.
Epaileak astelehenean hartu zuen gazteak espetxera bidaltzeko erabakia, gaur Valentziako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Poliziak larunbatean atxilotu zituen aipatu lau gazteak, herritar batek Poliziari hots egin ostean, diskoteka bateko aparkalekuan zegoen ibilgailu baten barruan neska bati sexu-erasoa egiten ari zirela ohartarazteko.
Agenteak bertara heldu zirenean, ibilgailuaren barruan ustezko erasotzaileak eta neskatoa aurkitu zituzten. Biktima atzeko eserlekuan etzanda eta erdi biluzik zegoen.
Poliziak 18 eta 24 urte arteko hiru gizonezkoak eta 17 urteko mutila atxilotu zituen. Neskatoa ospitalera eraman behar izan zuten.