Gizartea -
Ebola
Bartzelonako eta Zaragozako bi gaixoak ez daude ebolaz kutsatuta
Bartzelonan ospitaleratuta dagoen gaixoa 36 urteko diplomatiko senegaldarra da, abuztuan Ginea Konakryn egondakoa. Zaragozako ospitalean dagoena, berriz, jatorri afrikarreko gizon bat da.
Erredakzioa
Ebola birusaz kutsatuta egon zitezkeelakoan Bartzelonako Clinic Ospitalean eta Zaragozako Miguel Servet ospitalean bakartuta dauden bi gaixoak ez daude aipaturiko birusaz kutsatuta, bi horiei egindako analisien emaitzen arabera. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak baieztatu du informazioa.
Zaragozako Royo Villanovan ospitaleratuta dagoena 38 urteko ginear bat da, eta Bartzelonako Clinic ospitalean dagoena, berriz, 36 urteko diplomatiko senegaldarra.
Badaezpada protokoloa martxan jarri eta bi gaixoei egindako frogak Madrilgo Carlos III Osasun Institutura bidali zituzten, eta gaur baieztatu dute ez daudela ebola birusaz kutsatuta.
Zaragozan ospitaleratuta dagoena Afrikatik itzuli berri den ginear bat da. Angel Sanz Aragoiko Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak azaldu duenez, gaixoa kontziente dago eta sukarra badu ere, "ondo" dago.
Kataluniako kasuari dagokionez, 36 urteko senegaldar bat da gaixoa, eta abuztuaren 17tik 19ra bitarte Guinea Conakryn egon zen. Handik Dakarrera (Senegal) joan zen eta bertatik Bartzelonara hegaldia hartu zuen abuztuaren 20an. Lur hartu eta hiruzpalau ordura ondoezik sentitu zen eta bere kabuz Clinic ospitalera joan zen.