Gizartea -
Leon
Hiru guardia zibil hil dira mendian erreskate bat egiten ari zirenean
Mendizale talde baten erreskatea helikopteroz egiten ari zirela ibilgailuak mendiko gune malkartsu batean dagoen horma baten kontra jo du eta behera erori da.
Erredakzioa
Hiru guardia zibil hil dira gaur, igandea, helikopteroz erreskate bat egiten ari zirela, Polinosa inguruan (Maraña, Leon), Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi duenez.
Hildakoak Saberoko (Leon) Esku Hartzeko Mendiko Erreskate Talde Bereziko kideak ziren, eta oraindik ez dituzte agenteen izenak ezagutarazi.
112 zerbitzuaren arabera, helikopteroa mendiko gune malkartsu batean dagoen horma baten kontra jo du eta behera erori da.
Istripua 09:00ak aldera jazo da, eta handik gutxira, Larrialdietako Koordinazio Zentroak Babes Zibileko helikoptero bat bidali du lekura, Europako Mendien Parke Naturalera.
Barne Ministerioak istripua eguraldi baldintzek eragitea ukatu du
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministerioak helikoptero istripua eguraldi baldintzek eragitea ukatu du. Diazek kazetarien aurrean agerraldia egin du, eta azpimarratu duenez, istriputik onik atera den guardia zibilak "baldintzak onak" zirela adierazi du.