Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Aste Nagusian izan den 'giro ona' nabarmendu dute Bilboko Konpartsek
Bilboko Konpartsen bozeramaileek prentsaurrekoan jakinarazi dute ustez ez dela "sexu indarkeriarik" izan eta azken urteetako panorama ikusirik, datu oso positiboa dela hau.
Erredakzioa
Bilboko Konpartsek Aste Nagusian izan den "giro ona" nabarmendu dute, eta sexu indarkeriarik ez dela izan ere azpimarratu dute. Azken urteetan izan diren jai "lasaienak eta alaienak" izan direla gaineratu dute.
Marijaiaren erreketarekin atzo, igandea, eman zitzaion amaiera Aste Nagusiari eta astelehen honetan Itziar Villafañez eta Jon Barrado Bilboko Konpartsen bozeramaileek prentsaurrekoan jakinarazi dute ustez ez dela "sexu indarkeriarik" izan. Azken urteetako panorama ikusirik, datu oso positibotzat jo dute.
Hau guztiaz gainera, Bilboko alkatearen jarrera aktibo eta parte-hartzailea nabarmendu nahi izan dute, baita udaletxearekin izan den harreman ona ere. "Argi geratu da" bide egokiena elkarrekin lan egitea dela eta edozein gatazka albo batera uzteko garaia dela, esan dute.
Bestalde, Aste Nagusian herritarrek izan duten parte-hartze handia azpimarratu nahi izan dute Bilboko Konpartsek. "Beste urte batez igo egin da partehartzea, batez ere gaueko ekintzetan", esan dute.