Gizartea -
Barne Ministerioaren aurrean
Femenen protesta, bortxatzaileen aurkako neurri zorrotzak eskatzeko
Erakundeko lau kidek Barne Ministerioaren aurrean salatu dute bortxaketa 'babestu eta saritu' egiten dela, eta erasotzaileentzat kastrazio kimikoa eskatu dute.
Erredakzioa
Femen elkarteko lau kidek protesta egin dute gaur, osteguna, Barne Ministerioaren Madrilgo egoitzan, bortxatzaileen aurkako zigor-neurri "zorrotzak" eskatzeko, esaterako, kastrazio kimikoa.
"Bortxaketa ez da tradizioa" eta "kastratutako bortxatzailea, arrautzak apurtuta" oihuekin, aktibistek, erdi biluzik, arrautzak jaurti dituzte Paseo de la Castellana kaleko egoitzara, goizeko 10:30etan hasi eta minutu gutxiren buruan amaitu den protestan.
"Espainian justiziak abusua eta bortxaketa babestu eta, kasu batzuetan, saritu egiten ditu, Malagan gertatu den bezala (emakume batek taldeko bortxaketa bat salatu zuen eta auzia artxibatu egin zuten, probarik ez zegoela eta). Kasuei garrantzia gutxitzen zaie, eta horixe salatu nahi dugu", azaldu du Lara Alcazar mugimenduko buruak.
"Ez ezetz da" eta "bortxaketak gelditu" leloak gorputzean margotuta agertu dira aktibistak, eta "bortxaketa eta eraso sexualen aurrean zigorrak gogortzeko" eta "neurri zorrotzak" hartzeko eskatu dute. "Kastrazioa bortxaketa kasuak ekiditeko beharrezkoa bada, egin dadila", adierazi du Alcazarrek.
Mugimenduaren buruak esan du ministerioaren aurka arrautzak jaurtitzea "seinale argia" dela. "Ez bada justizia organoetatik erantzunik ematen, beste era batera jokatu beharko da. Emakumeok bortxatzaileei mehatxu egiten ari gara, ez gara geldirik egongo, baina organo legegileek ere ezin dute besoak gurutzatuta egon. Ez dira biztanleriaren erdia babesten ari", salatu du.
Gainera, Femeneko kideek ohiko loredun koroak kendu eta apain-orraziak eta mototsak jarri dituzte, "ulertzen diren gauzak" erakusteko. Izan ere, Alcazarren aburuz, "PPren Gobernuak erlijioaz, apain-orraziez eta mota horretako tradizioez soilik ulertzen du".
Protestaren ostean, Poliziak gelditu ditu lau aktibistak, eta identifikatu egin dituzte, baina ez dute inor atxilotu.