Gizartea -

Lan istripua

Langile bat hil da Bilboko Portu lehorrean, Burgosen

Ezbeharra 13:00etan gertatu da Bilboko Portuak Pancorbon dituen instalazioetan. Argitzeke dauden arrazoiak tarteko, gidatzen ari zen ibilgailua irauli eta azpian harrapatuta hil da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50 urteko langile bat hil da ostegun honetan Bilboko Portu lehorrean, Burgosen, gidatzen ari zen dunperrak azpian harrapatuta. Langilea Bilboko Portua Pancorbon (Burgos) egiten ari den instalazioetan lanean ari zen.

Bilboko Portu Agintaritzak bildutako datuen arabera, ezbeharra 13:00etan gertatu da. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, gidatzen ari zen dunper ibilgailua irauli eta azpian harrapatuta gelditu da. Antza denez, buruan kolpe handia jasan du.

Babes Zibileko medikuak istripuaren tokira bertaratu badira ere, ezin izan dute beharginaren heriotza egiaztatu besterik egin.

Hildakoa EYP Construcciones azpikontratako langilea zen eta azaroaz geroztik ari zen Bilboko Portuaren Burgoseko instalazioetan lanean. Bilboko Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, dunper ibilgailuak ez iraultzeko dispositiboa zuen.

Poliziak eta Gaztela eta Leongo Lan-ikuskaritzak ikerketa abiatu dute gertatukoa argitzeko. Bestalde, Aldi baterako enpresa-elkarteak (ABEE) ezbeharra ikertzen ari dela eta ahal bezain laster Bilboko Portu Agintaritzari txostena helaraziko diola jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak