Gizartea -

Bilbo

Begoñako igogailua doakoa izango da

Bilboko Udala arduratuko da Begoñara igotzen den igogailuaz. 15 egunetan 2.784 sinadura bildu dira zerbitzua mantentzearen alde.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Abaunza Bilboko Udaleko Garraio saileko zinegotziak gaur jakinarazi du Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu dutela eta, ondorioz, Begoñako igogailua Udalaren esku geldituko dela. Zerbitzua, gainera, doakoa izango da.

Abaunzak adierazi du zerbitzua Udalaren esku gelditu bitartean, txartel berezi bat jarriko dela martxan igogailua erabiltzen zuten pertsonentzat. Horrela, Metroko igogailua erabili ahal izango dute, lehengo prezio berdinean.

Helena Gartzia EH Bilduko zinegotziak akordioari erabateko babesan eman dio, eta betetzen ote den ikusteko "adi" egongo direla esan du.

Gartziak bere alderdia zerbitzuaren jarraitasunagatik pozik dagoela adierazi du, horretarako, bizilagunen eskaerak kontuan hartu baitira. "Begoña eta Zurbaran bezalako auzoentzat, beharrezkoa da horrelako zerbitzu bat", esan du.

EH Bilduko zinegotziaren arabera, "15 egunean bildutako 2.784 sinadurek hartutako erabaki ezinhobearekin zerikusia izan dute, eta horri esker, guztiok gara garaile".

Gartziak azpimarratu duenez, "hau da jarraitu beharreko bidea; auzoen eta bertako biztanleen eskaerei behar bezala erantzutea, bertan bizi baita Bilboko biztanleriaren zati handi bat".

 

Azkenik, EH Bildu arduratuta agertu da igogailuko langileen etorkizuna dela eta, eta Artxandako Funikularrean birkokatu ahal ote diren aztertzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo