Gizartea -
Artzain Eguna
Urteroko omenaldia egin diete artzainei Uharte Arakilen
47. ekitaldia dute aurtengoa eta, urtero bezala, artzainei eta horien lanari omenaldia egiteko baliatuko dute eguna.
Erredakzioa
Urtero bezala, Artzain Egunaren 47. ekitaldia egiten ari dira gaurkoan Uharte Arakilen (Nafarroa). Abuztuko azken igandean ospatu ohi dute eta artzainei eta artzaintzari, oro har, omenaldia egiteko baliatzen dute eguna. Gaurkoan, hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango da, hala nola, gazta, esne, eta ardi latxen txapelketak eta Nafarroako artzain txakurren lehiaketa.
Egun hau artzainen lana ezagutarazteko baliatzen dute Uharte Arakilen. Gainera, ardi latxak ezagutzeko eta horien esneaz egiten dituzten gaztak dastatzeko aukera izaten da.
Egun osoan, lehiaketak, ardi haragiaren eta Nafarroako ardoen dastaketak, ardiekin, gaztarekin eta artzainen eta ardi txakurren lanarekin loturiko erakusketak, eta artisautzako erakusketa izango dira. Arratsaldean, musikak emango dio amaiera jaiari.
Latxa Euskal Herriko ardi arraza bat da, eta haren esnearekin egiten dira Idiazabalgo eta Erronkariko jatorri izeneko gaztak.
4.350 ordaindu dituzte gazta erdiarengatik
Huarteko Abaco jatetxeak 4.350 euro ordaindu ditu Nafarroako ardi latxa esne gordinaz egindako gaztaren XXXIII. txapelketa irabazi duen Eulateko Ricardo Remiroren gazta erdiarengatik.