Gizartea -
Auto-istripua Nafarroan
Hiru hildako, tartean bi haur, Lantzen izan den auto-istripuan
Laugarren pertsona bat larri dago eta helikopteroz eraman dute Iruñeako Ospitalera. Gainera, istripuan beste haur bat eta heldu bat zauritu dira.
Erredakzioa
Hiru pertsona hil dira, tartean bi haur, astelehen arratsaldean N-121 errepidean, Lantzen, izan den auto-istripuan. Hasiera batean Nafarroako Gobernuak hildakoak bi zirela jakitera eman badu ere, hiru direla baieztatu da. Errumaniarrak ziren eta euren herrialdean oporrak pasa ostean, Iruñeara bueltan zetozen istripua gertatu den unean, bertan bizi baitziren.
Hildakoak autoaren gidaria eta 6 eta 8 urteko bi haur dira, eta gorpuak dagoeneko eraman dituzte Auzitegi-medikuntzara.
Zaurituei dagoekienez, bi emakume eta sei urteko ume bat dira. Horietako emakume bat larri eraman dute helikopteroz Nafarroako Ospitalera eta besteak traumatismo torazikoa eta abdominala du, baina ez dago larri. Haurrari dagokionez, zauri arinak ditu. Biak anbulantzian eraman dituzte.
Guztiak ibilgailu berean zihoazen eta familia berekoak ziren. Iruñean bizi ziren eta oporrak kanpoan igaro ostean, etxera bueltan zetozen istripua gertatu den unean.
Ezbeharra arratsaldeko 16:30ak aldera gertatu da Iruñea eta Frantzia lotzen dituen errepidean, Beobian, Lantz parean. Iruñeako norazkoan zihoazen eta antza, errepidetik atera dira eskuinaldera, zuhaitz baten aurka talka egin eta alboko zelai batera joan dira.
15 kilometroko auto-ilarak sortu dira istripuaren ondorioz, eta ibilgailuak A-15etik desbiratu dituzte.
Istripuaren berri izan eta berehala Patxi Fernandez, Barne zuzendari nagusia ezbeharra gertatu den gunera joan da. Oraingoz ez dago argi zergatik gertatu den ezbeharra, baina haren esanetan, itxura guztien arabera, giza hutsegitea izan da, izan ere, errepidea zuzena da eta garbi ikusten da.