Gizartea -
Apple
iCloud izarren argazkiak lapurtzeko pirateatu duten ikertzen ari dira
Pirata informatikoek, emakume famatuen argazkiak lapurtu eta Interneten zabaltzeko, iCloud zerbitzua pirateatu duten ikertuko du Apple konpainiak.
Erredakzioa
Pirata informatikoek, emakume famatuen argazkiak lapurtu eta Interneten zabaltzeko, iCloud zerbitzua pirateatu duten ikertuko du Apple konpainiak.
"Gure erabiltzaileen pribatutasuna babestu behar dugu, eta aukera hori (iCloud pirateatu izana) sakon aztertzen ari gara", adierazi du Natalie Kerrys Appleren bozeramaileak.
Emakume ospetsuak biluzik edo janzkera sexy batez erakusten dituzten ehunka argazki filtratu ziren atzo Interneten, eta filtrazio hori nola gertatu den ikertzen ari dira orain. Aukeretako bat Appleren iCloud zerbitzua pirateatu izana litzateke.
FBI ere jakinaren gainean dagoela eta salaketari erantzun bat emango diola adierazi zuen atzo Applek.
Izar horietako askok adierazi dute filtratutako argazkiak muntaketa bat besterik ez dela. Beste batzuek, ordea, argazkiak benetakoak direla onartu dute. Jennifer Lawrence aktoreak, adibidez, bereak benetakoak direla esan zuen atzo.
Lawrencek auzitegira eramango du bere argazkien filtrazioa, eta argazkiak argitaratzen dituen hedabide guztiak ere epaitegietara eramango dituela ohartarazi du.
Argazkiak 4Chan atarian zabaldu zituzten, eta hortik Twitter eta Reddit sare sozialetara igaro ziren.
Argazki horietako protagonistak emakume ospetsuak dira, eta, horien artean, Ariana Grande, Rihanna, Victoria Justice, Kim Kardashian, Kate Upton, Lea Michelle, Mary Kate Olsen eta Kirsten Dunst daude, Buzzfeed.com webgunearen arabera.