Gizartea -
Hostoak lehortu zaizkio
Bizkaiak larrialdiko neurriak hartu ditu Gernikako arbola sendatzeko
Batzar Nagusiek egindako analisien ondoren baztertu dute phytopthora eta armillarea mellea gaixotasunak izatea, azken horrek hil zuen aurreko haritza. Oraingoa ahul dago, oxigeno gabeziagatik.
Erredakzioa
Batzar Nagusiek "larrialdiko neurriak" hartu dituzte Gernikako arbola, 2005ean sartutako haritza, salbatzeko, oxigeo faltagatik "ahul" baitago eta horregatik "behar zuen baino arinago sartu da udazkenean".
Miren Duñabeitia EHUko Landareetako Biologia Saileko irakasleak eman ditu azalpenak arbolaren aurrean, Gernikan, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearekin eta Kepa Txarterina ingeniariarekin batera.
Madariagak onartu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak "kexu" daude, haritzaren osasun egoera dela eta. "Euskal askatasunaren sinbolo milurteko gisa darrai eta hala jarraituko du", gaineratu du.
Batzar Nagusiek egindako analisien ondoren baztertu dute phytopthora eta armillarea mellea gaixotasunak dituenik, azken horrek hil zuen aurreko haritza, Txarterinak azaldu duenaren arabera.
Duñabeitiak, bestalde, ziurtatu egin du nahiz eta "lehor" dagoenaren itxura izan, zuhaitzak "bizirik jarraitzen du", adar gehienetan agertutako kimuek eta fluxu xilematiko zuzenak" erakutsi dutenez.
Alabaina, bizi den "kondizio gogorrek ahuldu dute", esaterako, "itzal handiko" gune batean egoteak, "hezetasun handiarekin", eta leku zabal batean hazi baino "ontzi batean" egoteak.
Hori dela eta, bere burua "babesteko", zuhaitzak behar zuen baino lehenago udazkenean sartu da eta hostoek "bizitzaren zikoa bukatuta, lehortu dira".