Gizartea -
Malaga
Gaixo dagoen haurraren gurasoak aske utzi ditu epaileak
Britainia Handiko Fiskaltzak Brett eta Naghmeh Kingen aurka bidalitako atxilotze eta emate agindua kendu du, medikuen baimenik gabe gurasoek minbizia duen semea ospitaletik atera ostean.
Erredakzioa
Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko guardia-epaileak minbizia duen bost urteko haurraren gurasoak berehala aske uztea eskatu du. Bikotea astelehenetik Soto del Realeko kartzelan egon da, Erresuma Batuan lehengo asteko ostegunean bidalitako atxilotze eta emate aginduaren ostean. Bart atera dira espetxetik.
Britainia Handiko Fiskaltzak Brett eta Naghmeh Kingen aurka bidalitako atxilotze eta emate agindua kendu zuen atzo arratsaldean, medikuen baimenik gabe gurasoek minbizia duen semea ospitaletik atera ostean.
Asteazken honetan Auzitegi Nazionalean agertu behar zuen bikoteak, baina gaur gauean bertan aske geratu dira, eta haurrarekin bildu ahal izango dute, Malagako Haurren Ospitalean.
Euroagindua izapidetu behar zuen pertsonak epaileari azaldu dionaren arabera, semeak tratamendu alternatiboa jasotzea nahi du bikoteak, Estatu Batuetan edota Txekian. Espainiara etxebizitza bat saltzeko asmoz iritsi ziren, eta haurra sendatzeko nahikoa diru biltzeko helburuarekin.
Lehengo ostiralean gurasoak atxilotu zituztenetik, Ashya King Malagako ospitaleko gune onkologikoan dago, Daniel anaiarekin batera (23 urte ditu).
Bikoteak uko egin zion Britainia Handira eramateari. Ondorioz, Moreno epaileak 72 orduko atxiloketa ezarri zien, osasun egoeraren txostena jaso bitartean.