Gizartea -

Munduko Osasun Erakundea

40 segundoz behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du munduan

Suizidio tasa altuagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Halaber, suizidioek gerrateek, hilketek eta hondamendi naturalek batuta baino hildako gehiago eragiten dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 segundoz behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du munduan, Munduko Osasun Erakundeak suizidioen prebentzioari buruz argitaratutako txostenaren arabera. Orotara, 800.000 lagunek egiten dute beren buruaz beste urtero munduan.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, "suizidioen % 75 garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen dira", eta ohikoagoa da 70 urtetik gorako pertsonengan. Hala ere, 15 eta 29 urteko gazteen artean suizidioa da heriotzen bigarren zergatia. Munduko Osasun Erakundearen txostenak herrialde aberatsen eta txiroen arteko ezberdintasunak nabarmentzen ditu. Oro har, suizidio tasa altuagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino eta herrialde aberatsetan beren buruaz beste egiten duten gizonezkoen kopurua emakumezkoena halako hiru da, eta gehienak 50 urtetik gorakoak dira. Bestalde, 70 urtetik gorako emakumeek 5 eta 29 urte bitartekoek baino beren burua hiltzeko joera handiagoa dute.

Irailaren 10ean Suizidioen Prebentziorako Mundu Eguna ospatuko da, eta egun horren atarian argitaratu dute aipaturiko txostena. Margaret Chan Munduko Osasun Erakunde zuzendariaren esanetan, "osasun publikoaren arazo handi hau gai tabua izan da denbora luzean".

Suizidioek gerrateek, hilketek eta hondamendi naturalek baino hildako gehiago eragiten dituzte

Suizidioek gerrateek, hilketek eta hondamendi naturalek batuta baino hildako gehiago eragiten dituzte Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi duenez.

Orotara, 800.000 lagunek egiten dute beren buruaz beste. Hilketetan 500.000 hiltzen dira, gerrateetan 200.000 eta hondamendi naturaletan gutxiago.

Prebentzio neurriak

Munduko Osasun Erakundeak % 10 gutxitu nahi du suizidioen kopurua 2020rako. Hala, beren buruaz beste egiten duten pertsonen kopurua gutxitzeko prebentzio neurriak hartzea aholkatzen die Munduko Osasun Erakundeak herrialdeei. Gaur egun, 28 herrialdek baino ez dute horri aurre egiteko estrategia bat abian.

Denbora luzean tabu izan den arazoaren gainean kontzientziazioa lortzea du helburu Munduko Osasun Erakundeak. Hori dela eta, suizidioen berri ematea aholkatu die hedabideei, beti ere sentsazionalismoan erori gabe.

Bestalde, suizidioetarako erabiltzen diren substantzia eta material ohikoenetarako sarbidea mugatzea eskatzen dute. Halaber, beren buruaz beste egiten saiatu diren pertsonak artatzea eta ondoren horiekin harremanetan jarraitzearen garrantzia azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea